Euskara Munduan programak neguko barnetegia egingo du Necochean
2025/07/17
Euskara. Kultura. Mundura.
2025eko urtarrilean Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programak banetegia antolatu zuen Villa Maríako Euskal Etxean (Argentina). Urtean zehar, barnetegiko partaideek euren euskal etxe eta herrietatik jarraitu dute formakuntza, Euskal Herritik Euskara Munduan programak kudeatutako online plataforma baten bidez. Oraingo honetan, Necochea argentinar hiriak emango dio abegia neguko barnetegiari, Euzko Etxearen egoitzan, uztailaren 19tik 26ra. 2024ko urtarrilean San Nicolasen abiatu zenetik, ikasle-promozio honi dagokion laugarren barnetegia du Euskara Munduan egitasmoak.
Sei hilabeteren ostean, berriz elkartuko dira Euskara Munduan programak antolatutako Neguko Barnetegian. Ikastaroak ahozko mintzamenaren lanketa izango du xede nagusi, baita ikasleek otsailetik uztailera bitarte online landuriko A2 mailako edukiak erabili eta plazaratzea ere.
Orotara, Argentinako euskal etxeetan jardun duten 18 euskara ikaslek osatzen dute Euskara Munduan programako irakaslegaien taldea. Lautaro Pincheira eta Irene López de Vicuña arduratuko dira euskara eskolak emateaz. Eta horretarako, Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarinek berariaz ondutako ikasmateriala baliatuko dute. FEVA euskal-argentinar elkarte federakuntzako Gabriela Mendiak (FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas) eta Kinku Zinkunegik, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduradunak, koordinatuko dute barnetegia.
Euskara Munduan Programa
Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun, mundu osoko 65 inguru euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin, Kinku Zinkunegik koordinatuta.
Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago, programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena. 2018az geroztik, Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa.