Sortzaileen mugikortasuna sustatzeko AT! deialdiak zabalik
2026/06/23
Euskara. Kultura. Mundura.
Dagoeneko plazaratu dira antzerkia, dantza, musika, arte plastiko eta ikusizkoak, zinema eta literaturaren alorreko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntza deialdiak. Halaber, irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultur jarduerak gauzatzeko eta literatur itzulpenak egiteko dirulaguntzak ere abian daude.
Antzerkia, dantza, musika eta arte plastikoak eta ikusizkoak
Diziplina horietako sortzaileek euskararen eremu geografikotik kanpo mugikortasuna laguntzea dute xede, eta jaialdi, erakusketa, egonaldi, bira eta bestelako kultur jarduerak babestuko dira, sortzaileon presentzia nazioarteko zirkuitu, programazio eta sareetara heda dadin.
Aurreko urteetan bezalatsu, deialdi hauek izaera automatikoa izango dute, eta baldintzak bete arau esleituko dira, aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Hala, jarduerei loturiko joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuak finantzatzeko aukera eskaintzen dute. Honako hauetan sailkatzen dira diziplina horietako deialdiak:
Eskaerak egiteko epea irailaren 30era arte luzatuko da.
Zinema eta literatura
AT! deialdiek zinegile eta idazleei, eta zinemaren eta liburuaren sektoreko profesionalei ere nazioarteko zirkulazioa ahalbidetu asmo die, jaialdi, topaketa profesional, aurkezpen, azoka eta bestelako kultur ekitaldietan parte har dezaten, horietara gonbidatuak izan direnen. Joan-etorri eta ostatu gastuak finantzatzeko aukera izango dute.
Eskabideak azaroaren 2ra arte aurkez daitezke, edo aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
Irabazi asmorik gabeko kultur jarduerak
Irabazi asmorik gabeko nazioarteko kultur jarduerak gauzatzeko laguntza-deialdiak ere abian dira. Bi prozeduratan daude banatuta. Batak, euskal dantza eta abesbatzetara bideratutako nazioarteko jarduerak barnebiltzen ditu. Besteak, Etxepare Euskal Institutuaren gainerako deialdien babespean laguntza jaso ezin duten egitasmoak lagunduko ditu.
Eskaerak aurkezteko epemuga uztailaren 20 da.
AT! Mugikortasuna
Dirulaguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Herrian kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.