Komunikazio digitaleko teknikaria, sistemen teknikaria eta administrari laguntzailea hautatzeko deialdiak

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-01-02

Etxepare Euskal Institutuak hiru lanpostu hautatzeko prozedura abian jarri du. 2023ko maiatzean hautaketa-prozesu bat deitu zen langile lan-kontratudun finko batzuk hartzeko, eta prozesuaren oinarri orokorrak ezarri ziren. 2023ko abenduaren 29an deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoak argitaratu ziren.

Hautaketa-prozesuak lehiaketa oposizio bidez egingo dira txanda irekian, zehazki, kategoria hauetan: komunikazio digitaleko teknikaria, sitemen teknikaria eta administrari laguntzailea. Hautaketa-prozesuak hiru fase izango ditu: oposizioa, elkarrizketa eta lehiaketa. Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 18ra arte egongo da zabalik.

Komunikazio digitaleko teknikaria

Etxepare Euskal Institutuaren marketineko eta komunikazio digitaleko estrategia diseinatzen laguntzea izango da lanpostuaren helburua. Marketineko eta komunikazio digitaleko kanpainak planifikatzea eta gauzatzea, kanal digitalak eta sare sozialak kudeatzea (tresnak eta plataformak barne), horien irismena monitorizatzea, datuak aztertzea eta jarraipen- eta emaitza-txostenak egitea. Bestalde, lanpostuak helburu izango du marka eta komunikazioko urteko plana diseinatzen laguntzea, erakundearen komunikazio-jarduerei lagunduz, zehaztutako estrategiaren arabera.

Baldintzak:

  • Ikasketa-eremu hauetako titulazioa (gradua edo lizentzia): Ikus-entzunezkoak, irudia eta multimedia; komunikazioa, kazetaritza, publizitatea eta harreman publikoak.
  • Euskararen 4. hizkuntza-eskakizunaren maila behar da.
  • Ingeleseko C1 maila egiaztatu behar da, titulu ofizial baten bidez.

Informazio gehiago hemen.

Sistemen teknikaria

Lanpostuaren helburua datuak kudeatzea eta informazioa euskarri informatikoan ematea izango da, hala eskatzen duten pertsonei, baldin eta, konplexuak edo pribatuak direlako, ezin badituzte beren kabuz eskuratu. Era berean, aldizkako hainbat txosten egin eta argitaratu beharko ditu, eta, horretarako, dagozkion aplikazio informatikoak mantendu, kudeatu eta eguneratuko ditu.

Baldintzak:

  • Nahitaez egiaztatu beharko da goi-mailako lanbide-heziketa (LHII) «Telekomunikazioak eta Informatika Sistemak», «Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena» edo antzeko eremuetan, edo goi-mailako titulazioa eremu horietan, edo diplomatura edo gradua ingeniaritza teknikoan, informatika-ingeniaritzan, telekomunikazioetan edo antzekoetan.
  • Euskararen 3. hizkuntza-eskakizunaren maila behar da.
  • Ingeleseko B2 maila egiaztatu behar da, titulu ofizial baten bidez.

Informazio gehiago hemen.

Administrari laguntzailea

Lanpostuaren helburua izango da arreta ematea Etxepare Euskal Institutura jotzen duten herritarrei, eta administrazio-zerbitzuak ematen laguntzea bertako zuzendaritzari eta teknikariei. Horretarako, aurrez aurre, telefonoz eta posta elektronikoz emango die arreta erabiltzaileei.

Zuzendaritzari eta erakundeko teknikariei laguntzea ere izango da lanpostuaren helburu, dokumentuak, espedienteak, banaketa-zerrendak eta antzekoak izapidetzen, kudeatzen eta egiten. Halaber, hautatutako pertsonak langile teknikoei lagunduko die espedienteak izapidetzen, bai elektronikoki, bai fisikoki egin behar diren espedienteetan. Institutura bideratutako dokumentazioa jasoko du eta sarrera-erregistroa emango die erakunde honen erregistro-liburuan.

Baldintzak:

  • Eskola-graduatua, DBH edo titulu baliokideren bat (indarrean dagoen araudiaren arabera) egiaztatu beharko da.
  • Euskararen 3. hizkuntza-eskakizunaren maila behar da.
  • Ingeleseko B2 maila egiaztatu behar da, titulu ofizial baten bidez.

Informazio gehiago hemen.

Eskabideak aurkezteko jarraibideak

Eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu beharko dira eskabideak. Pozesu bakoitzean eskatzen diren eskaeren edukiak horrela aurkeztu daitezke:

  • Aurrez aurre, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzaren helbidera: Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. (Asteartetik ostiralera 8:30-14:00).
  • Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen hainbat organoetan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikulua).
  • Bide telematikoan: hautaketaetxepare@lksnext.com

Epea: urtarrilak 18.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu