Korrika Munduan egitasmoaren bideo lehiaketa: bozkatu gogokoena!
2026/02/27
Euskara. Kultura. Mundura.
Martxoaren 19tik 29ra, 24. Korrikak Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu, Atharratzetik hasi eta Bilbora bukatzeraino. Euskararen aldeko lasterketak baina, Euskal Herriko mugak zeharkatu eta mundu osoko euskal etxeak, unibertsitate-sareko euskara irakasle eta ikasleak eta diasporako euskaltzaleak bilduko ditu, beste behin ere, Korrika Munduan ekimenaren baitan.
AEKrekin lankidetzan, Etxepare Euskal Institutuak bere sareko kide diren nazioarteko unibertsitateetan eta munduko euskal etxeetan eramango du Korrikaren lekukoa. Besteak beste, bideo lehiaketa martxan jarri dute bi erakundeek, munduko Euskal Etxeetako kideek, batetik, eta Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate-sarea osatzen duten irakurletzetako ikasle eta irakasleek, bestetik, parte har dezaten.
Bideo-lehiaketan ikus-entzunezko materiala bidaltzeko epea otsailaren 25era arte luzatu zen eta euskararen aldeko aldarri zenbait jaso dira bideo formatuan. Hala, otsailaren 27tik hasita, bideoak AEKren YouTube kanalean ikusgai daude eta posible da gustukoenaren alde bozkatzea, gogokoenean ‘Atsegin dut’ botoia sakatuta.
Izan ere, bozka edo ‘atsegite’ gehien dituzten bi bideoek, alegia Euskal Etxeen kategoriako batek eta irakurletza sareari dagokion beste batek, sari bana jasoko dute. Bai nazioarteko unibertsitateetatik bidalitako bideo bozkatuenaren egileak eta bai Euskal Etxeetako bideo bozkatuenaren egileak bina ikastaro online egiteko aukera izango dute, ikastaro bakoitza 75 ordukoa izanik eta hiru hilabetetan egin beharrekoa. Ikastaroak balio bereko material sorta batez ordezka daitezke, dagokion bidalketa barne hartuta.
Martxoaren 10eko goizeko 10:00ak arte (GMT+1) eman daiteke bideo gustukoenaren aldeko bozka, eta biharamunean jakinaraziko da zein den kategoria bakoitzeko bideogile irabazlea.