Sara Zozaya, Arima Soul eta Bengo: Artistas en Ruta programaren hurrengo ziklorako artista hautatuak

2026/06/09

Euskara. Kultura. Mundura.

AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en Ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2026. urteko bigarren seihilekoan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Sara Zozaya, Arima Soul eta Bengo.

AIEnRUTa- Artistas zuzeneko musika indartzeko eta talentu berriak publikoari hurbiltzeko programa bat da, estatu osoko zuzeneko musika aretoetan emanaldien zirkuitu baten bidez. Gaur egun ezagunak diren hainbat talde edo bakarlarik zirkuitu honetan parte hartu dute dagoeneko, esaterako, Izaki Gardenak, Marte Lasarte, Süne, Hilario Rodeiro, Mirua, Silitia, Mikel Azpiroz, Nakar, Rüdiger, TOC, Aldakan, Capsula, Ezezez, J Martina, Amorante, Hofe x 4:40, Merina Gris, Neomak, Airu, Kulto Kultibo, Verde Prato, Amak, Lukiek, Ezpalak, Bulego, Idoia, Dupla, Olatz Salvador edo Zetak.

AIEnRuta programaren urteroko edizio bakoitzak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratu ditu taldeak. 2026ko irailetik abendura bitartean, Sara Zozaya, Arima Soul eta Bengo taldeek kontzertuak emango dituzte estatuan zehar, zirkuituaren babespean.

Etxepare Euskal Institutuak AIEnRUTa-Artistas programa babesten du, urtero egiten diren bi zirkuitu deialdietan (urtarrila- ekaina eta iraila-abendua) euskal musikarien presentzia bermatzeko.

Sara Zozaya

Sara Zozaya Donostiako abeslari, konpositore eta multiinstrumentista da. Poparen, folkaren eta elektronika sotilaren artean mugitzen den proposamen pertsonala garatu du urteotan, atmosfera zainduak, ahots intimista eta emozioz betetako kantuak ardatz hartuta. ´Nara´ (2023) diskoarekin bere unibertso artistikoa sendotu ondoren, 2025ean ´attä´ EPa argitaratu du, soinu ambient eta elektronikoagoetara hurbiltzen den lan introspektiboa. Aldaketa, agurra eta eraldaketa emozionala ardatz dituen lan horren bidez, Sara Zozayak bere ibilbideko etapa berri bati ekin dio, euskal musikagintzako ahots berezienetako bat dela berretsiz.  

Arima Soul

Arima Soul Zarautzen sortutako musika-proiektua da, Mikel Unzurrunzaga “Makala” eta Lidia Insaustiren eskutik. Soul, R&B, funk eta jazzaren eraginak uztartzen ditu, euskarazko errepertorio propio eta garaikide batean. 2022an kaleratutako ´Arima Soul - 1´ lehen diskoaren ondoren, 2025ean argitaratu dute ´Gaua´, taldearen bigarren lana. Disko horretan euren soinu-unibertsoa zabaldu dute, groovea, soul garaikidea eta funkaren tradizioa uztartuz, eta euskal musikaren panoraman nortasun propioa duen proposamena sendotuz.

Bengo

Aitor Bengoetxea musikari oiartzuarraren proiektu artistikoa da Bengo. Pop garaikidea, elektronika eta musika urbanoaren eraginak uztartuz, bere belaunaldiko emozioak eta bizipenak jasotzen dituzten kantuak sortzen ditu. 2023an ´Bizirik´ lehen diskoa argitaratu zuen, eta 2024an kaleratutako ´BELHARRA´ lanarekin bere proposamena sendotu eta publiko zabalago batengana iritsi da. Melodia zainduak, letra hurbilak eta nortasun propioa uztartuz, gaur egun euskal musikaren belaunaldi berriko ahots nabarmenetako bat da.

Euskal kultura eta sorkuntza garaikide biziaren lekuko izan nahi? Hemen da BASQUE. Creativity & Culture. aldizkaria

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu
?>