Agur 2017: amaitzera doan urteko egitasmoen laburpena

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-12-26

Zazpi urte joan dira Etxepare Euskal Institutua abian jarri zenetik eta geroztik mundu osoan zehar gurehizkuntza eta sorkuntza ezagutzera emateko lanean aritu da Institutua, gure herriaren enbaxadore kultural gisa.

Zazpi urte joan dira Etxepare Euskal Institutua abian jarri zenetik eta geroztik mundu osoan zehar gure hizkuntza eta sorkuntza ezagutzera emateko lanean aritu da Institutua, gure herriaren enbaxadore kultural gisa.

2017an ere bere zereginean jarraitu du, kultur arlo ezberdinetan eraginez. Hainbat europar proiektutan esku-hartzen du Institutuak. Esaterako, Europar Batasuneko kultura institutu nazionalen EUNIC sareko kide elkartu den heinean zenbait kultur egitasmotan parte hartu du Bruselan (Transpoesie, Fête de la BD…) beste kultur erakunde batzuekin elkarlanean. Aquitaine.eus proiektuarekin ere jarraitu du aurrera, Euskadiko eta Akitaniako sortzaileen arteko elkartrukea ahalbidetzen duena. Horiei gehitzen zaie 2017an abian jarri den Creadis3 proiektua, Euskal Herria Europako kultura eta sormenaren mapan kokatzeko helburua duena.

Bestalde, 2017an ere Etxeparek euskal sortzaileen lana kanpoan ezagutu dadin diru-laguntzak eman ditu: itzulpengintzarako (14 onuradun); antzerki, musika eta dantza birak burutzeko (90 onuradun); bidaia poltsak zinemagile zein idazleentzat (41 onuradun) eta mugikortasunerako laguntzak arte plastiko eta ikusizkoen alorrean (42 onuradun).

Era berean, euskal sorkuntza nazioarteko azoka, jaialdi, zein topagune profesionaletan txertatzen jarraitu du Institutuak, beste hainbat erakunderekin elkarlanean. Basque Dance, Basque Audiovisual, edota Basque Music bezalako marken aterkipean, diziplina ezberdinetako sortzaile, konpainia eta enpresak funtsezko topagunetara eraman ditu Etxeparek, hala nola gure sorkuntzaren berri ematen duten eta harremanetarako gune diren stand-ak antolatu.

Horiez gain, beste molde bateko ekimenak ere sustatu ditu Institutuak. Esaterako, hainbat lan saritu ditu kultur-arlo ezberdinetan: Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Saria(Yaroslav Gúbarev- ‘Behi euskaldun baten memoriak’), Euskarazko album onena MIN Sarietan (Niña Coyote eta Chico Tornado), edota duela aste gutxi banatu den Etxepare Euskal Institutua Musika Saria Musika Bulegoak antolatutako sarietan (Berri Txarrak). Artisten egonaldi eta elkartruke programak garatzen ere jarraitu du, nazioarteko hainbat erakunde zein kultur eragilerekin elkarlanean, hala nola artista euskaldunek Wroclaw hirian egindako egonaldi artistikoak.

Unibertsitate arloan, sare akademikoa sendotu du Etxeparek. Aurten 1500dik gora ikasle izan dira euskara atzerrian ikasten. Hori guztia 18 herrialdetako 34 unibertsitatetan  klaseak ematen dituzten 30 irakurleen lanari esker. Euskara irakasteaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte horiek, hala nola filmen proiekzioak edota hitzaldiak. Esaterako, aurten 20. Korrika eta Euskararen Eguna ere nazioartera eraman dituzte irakurleek.  Gainera, aurrera egin da nazioarteko unibertsitateetan txertatuta dauden zortzi euskal ikasketen katedren programekin. Aipatzekoa da aurten lehenengoz abiatu dela Jean Haritschelhar katedrako programa akademikoa Bordeleko Université Bordeaux Montaigne unibertsitatean.

Azkenik, Institutuak antolatzen dituen bi prestakuntza programak ere burutu dira: alde batetik, Excellence in Basque Studies udako ikastaroak zortzigarren edizioa bete zuen uztailan, eta bestetik, atzerriko euskara irakasleen formakuntza ikastaroa eskaini da aurten laugarrenez EHUrekin elkarlanean. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu