Beñat Sarasola aukeratu dute Malba Idazleen Egonaldirako
2026/03/04
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, Malbak, Buenos Aireseko Arte Latinoamerikarraren Museoak, Malba Idazleen Egonaldiaren 2026ko edizioan parte hartzeko deialdia kaleratu zuen iazko abenduan, euskaraz idazten duen idazle batek Buenos Aires hirian egonaldia egiteko. Hala, euskaraz idazten duten deialdiko hautagaien artetik Beñat Sarasola hautatu dute onuradun, eta Argentinako hiriburuan izango da bost asteko literatur egonaldia egiten.
Sarasolak Buenos Airesko hainbat kultur adierazpenekin harremanetan jartzeko aukera izango du, Malba Idazleen Egonaldirako hautatuak izan diren gainerako idazle gonbidatuekin, museoko kultur kudeatzaileekin eta tokiko editoreekin batera lan-sarea sustatzea baitu helburu egonaldiak.
Beñat Sarasola
Beñat Sarasola (Donostia, 1984) idazlea, literatur kritikaria da eta irakaslea da EHUn. Filosofian, eta Literatur Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatua da (Universitat de Barcelona). Euskaraz hainbat poema-liburu argitaratu ditu: ‘Alea’, 2009an eta ‘Kaxa huts bat’, 2007an. Itzulpengintzari dagokionez, Philip Rothen ‘Nemesis’ liburua euskaratu zuen. 2019an ‘Deklaratzekorik ez’ bere lehen eleberria argitaratu zuen Susa argitaletxearen eskutik eta ‘Coca-Cola bat zurekin’ du eleberri berriena, zeina alemanera itzuli den, besteak beste. ‘Munduko Poesia Kaierak’ bilduman editore lanetan dihardu eta ETB 1-eko ‘Sautrela’ literatur saioaren aurkezle izana da.
MALBA
Beñat Sarasola euskal idazleaz gain, Buenos Airesko Arte Latinoamerikar Museoaren Literatur sailak beste lau idazleren izenak iragarri ditu 2026. urtean egonaldia egin eta norbere literatur proiektua hezurmamitzeko: Benoît Coquil (Brest, 1989), Diego Zúñiga (Iquique, 1987), Mayte Gómez Molina (Madril, 1993), eta Riccardo Frolloni (Macerata, 1993).
Zazpigarren urtea du aurtengoa egonaldiak eta edizio honetan euskaraz idazten duen egile bat jasoko du MALBA museoak Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan. Jarduketa horri esker, Malba Idazleen Egonaldiko helbururik behinena lortuko da: nazio ezberdinen arteko kultur-harremanak sendotzea.