FIP Quebec: Harkaitz Cano

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 05
    Mar 2026
    07
    Mar 2026
    Quebec

Martxoaren 5etik 7ra egingo da Quebeceko Nazioarteko Poesia Jaialdia (FIP), eta bertan izango da Harkaitz Cano euskal idazlea, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik.

Martxoaren 6an, ostiralez, Harkaitz Canok nazioarteko hainbat poetarekin batera parte hartuko du goizeko poesia-saio batean (10:00 – 12:00 GMT-5), non bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan errezitatuko duen, frantsesezko itzulpenaz lagunduta. Giro goxo eta hurbilean, hitzen, hizkuntzen eta kulturen arteko topagune bat sortuko da, publiko orokorrarentzat irekia eta familiei ere zuzendua.

Martxoaren 7an, larunbatarekin, Harkaitz Canok 21:00etako poesia-ibilbidean parte hartuko du, La Charpente des fauves espazioan antolatutako poesia-gau ibiltarian (bi txandatan antolatua, 19:30ean eta 21:00etan, GMT-5). Bertan, tokiko eta nazioarteko poetekin batera, irakurraldiak eta performance poetikoak eskainiko dira, giro eszeniko eta diziplinartekoan —musika, collagea eta bideopoemak, tarteko—. Gauean zehar, espazioan barrena ibilbide poetiko bat osatuko da, eta jaialdia dantzaldi batekin itxiko da, gonbidatutako poeten gustu musikaletan inspiratutako kantu-zerrenda batekin.

Quebeceko FIP

Quebeceko FIPa hiru eguneko poesia-zoramen bizia da, Quebecetik, Kanadatik, Europatik eta munduko beste hainbat lekutatik etorritako hogeiren bat poetarekin. Charpente des fauves gune biziak hartzen du, Spoken Word Québec-ek ekoitzia eta Maison de la littérature-rekin lankidetzan, eta bete-betean ospatzen da UNESCO Literatura Hiria den Quebecen bihotzean. Irakurraldiak, performanceak, kanpoko ekitaldiak, bideopoesia, instalazioak, aurkezpenak eta solasaldiak antolatzen dira. Oparotasun poetikoa austeritatearen aurrean jartzen dugu, hizkuntzen, kulturen, ahotsen eta formen aniztasuna ospatzeko.

Ça colle au basque

Harkaitz Cano euskal idazlearen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuaren ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan kokatzen da, euskal kultura eta sorkuntza frankofoniaren esparruan sustatzea xede duena. Hala, euskal kulturaren nazioartekotze-estrategiaren beste urrats bat da Quebeceko FIPen gauzatuko dena, frankofoniaren esparruan euskal sorkuntza garaikidea ikusgarriago egiteko aukera paregabea.

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>