Festival de la Sainte Barbe: Deabru Beltzak

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 05
    Abe 2025
    06
    Abe 2025
    Lens | Oignies

Deabru Beltzak kale-antzerki taldeak ‘Su Talka’ Tour ikuskizunarekin darrai, bere estreinaldia ekainaren 7an Bretainian egin ondoren. Tour ikuskizuna Ça colle au Basque egitasmoaren baitan kokatzen da, zeinen helburua euskara eta euskal kultura frankofonian zabaltzea eta sustatzea den.

Ordutik hona, taldeak Frantzia osoko bira hasi zuen, euskal antzerkigintza herrialde horretako hainbat tokitan aurkeztu asmoz. Hurrengo geldialdia, Festival de la Sainte Barbe jaialdian izango da, abenduaren 5ean eta 6an, Frantziako Lens hirian eta Oignies udalerrian, hurrenez hurren.

Abenduko hitzordu bikoitzari dagokionez, iluntzeko 21:00etan emango diote hasiera suzko emanaldiari Lensen, eta Oignies udalerrian eskainiko dutena iluntzeko 20:00etan hasiko da. Taldeak bere suzko antzerki ikusgarriaz eta instrumentu zaratatsuen erabileraz girotuko ditu kaleak.

Festival de la Sainte Barbe

Sainte Barbe jaialdia urtero ospatzen da abenduaren 4aren bueltan, Frantziako iparraldeko Lens-Liévin meatze-eskualdean, eta Sainte Barbe omendu eta gogoratzeko egiten da, hark baititu zaintzen meatzariak, suhiltzaileak, lehergailuekin eta suarekin lan egiten dutenak. Jaialdiak ikuskizun piroteknikoak, su-instalazioak, desfileak eta emanaldi artistikoak eskaintzen ditu meatze-historiarako gune sinbolikoetan. Sainte Barberen estatuarekin egiten diren prozesioak, musika-emanaldiak, terriletara igotzeko ibilaldiak (meatze-hondakinez sortutako mendixka artifizialak) eta herriko jaiak dira nagusi. Artista ugari, bertako bizilagunak eta bisitariak elkartzen dira giro alaian eta goxoan.

Deabru Beltzak

Kale-antzerki taldea da, 1996an Euskal Herriko hainbat antzerki talde profesionaletako aktoreek sortua. Harrezkero, 10 antzerki obra sortu dituzte, 3.000 antzezpen baino gehiagorekin, 80 ekitaldi berezirekin, 50 hiriko ospakizunekin eta mundu osoko 35 antzerki konpainia baino gehiagorekin kolaboratu dute.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>