Deabru Beltzak: Su Talka Tour

Euskara. Kultura. Mundura.

Deabru Beltzak: Su Talka Tour
  • 07
    Abu 2025
    13
    Abu 2025
    Libourne

Deabru Beltzak kale-antzerki taldeak ‘Su Talka’ ikuskizunaren birarekin darrai, bere estreinaldia ekainaren 7an Bretainiako Kertsaint-Plabennec hirian egin ondoren. ´Su Talka´ ikuskizuna Ça colle au Basque egitasmoaren baitan kokatzen da, zeinen helburua euskara eta euskal kultura frankofoniaren eremuan zabaltzea eta sustatzea den.

Ordutik hona, taldeak Frantzia osoko bira hasi zuen, euskal antzerkigintza herrialde horretako hainbat tokitan aurkeztu asmoz. Hurrengo geldialdia, abuztuaren 7tik 9ra Fest’Arts kaleko arteen jaialdian egingo dute, beste behin ere, Libournen.

Abuztuko hiru hitzordu horietan, 22:15etatik hasita, 45 minutuko ikuskizuna eskainiko dute. Taldeak bere suzko antzerki ikusgarriaz eta instrumentu zaratatsuen erabileraz girotuko ditu kaleak.

Ondoren, abuztuaren 12an, Festival les Renc’Arts eta 13an Rues en scène jaialdietan izango dira, nortasun artistiko paregabea erakutsiz.

Fest’Arts

Fest’Arts kaleko artearen nazioarteko jaialdia da. 1991tik urtero jaialdi herrikoi eta belaunaldi artekoa antolatzen du abuztuan. Edizio bakoitzean, dantza, zirku, antzerki eta musika ikuskizunek erritmoa ematen diete Libourneko kaleei. Jatorrizko helburua tokiko kultur proiektuak erakustea bada ere, Europako eta nazioarteko konpainien antzezpenak ere programaren parte dira. Euskadi à Libourne (Euskal Herria Libournen) egitasmoaren bitartez, Euskal Herriko konpainia berri zein kontsolidatuek emanaldi andana eskaintzen dute urte luzez jaialdiaren baitan.

Deabru Beltzak

Kale-antzerki taldea da, 1996an Euskal Herriko hainbat antzerki talde profesionaletako aktoreek sortua. Harrezkero, 10 antzerki obra sortu dituzte, 3.000 antzezpen baino gehiagorekin, 80 ekitaldi berezirekin, 50 hiriko ospakizunekin eta mundu osoko 35 antzerki konpainia baino gehiagorekin kolaboratu dute.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>