Amale Artetxe katedra: Oscar Alvarez Gila
Euskara. Kultura. Mundura.
-
01Aza 202516Aza 2025
Buenos Aires
Amale Artetxe katedraren 2025eko egitarauaren baitan, hainbat jarduera egingo ditu Oscar Alvarez Gila irakasle eta ikerlari gonbidatuak Argentinan. Buenos Airesko UNSAM Universidad de San Martin unibertsitateko egonaldian, unibertsitate-ikasleei zein publiko orokorrari zuzendutako ‘Emigrazioa eta diaspora. Ikuspegi bat euskal eredutik’ mintegia gidatuko du. Bertan, diasporako euskal identitatearen sorreraren inguruko hainbat atalen gaineko hausnarketa sustatuko da. Besteak beste, emigrazio eta diasporei buruzko oinarrizko kontzeptuak, euskal emigrazioen jatorri historikoa, diasporako elkarketa-sistemaren bilakaera, euskal diaspora-nortasunaren eraikuntza, iragana eta etorkizuna izango ditu aztergai. Horrez gain, azaroaren 6an ‘Los vascos nunca fueron esclavistas: historia y mito en torno a una (des)memoria’ (´Euskaldunak ez ziren inoiz esklabistak izan: (des)memoria baten inguruko historia eta mitoa´) hitzaldia emango du.
Oscar Alvarez Gila Euskal Herriko Unibertsitatean Historian doktorea da, eta bertan Amerikaren historiako irakasle titularra da. Horrez gain, honako unibertsitate hauetan ere lan egin du: Oxfordeko Unibertsitateko European Studies Center-en (Basque Visiting Fellow), Nevada-Reno Unibertsitateko W. Douglass Distinguished Visiting Scholar, Columbus-eko (Georgia) State University-ko Elena Díaz-Verson Amos Eminent Scholar in Latin American Studies, Stockholmeko Unibertsitateko Magnus Mörner Memorial Professor eta Nevada-Reno Unibertsitateko Jon Bilbao katedra. Bere ikerketa-lerroa Euskal Herritik ateratako nazioarteko migrazioen analisian zentratzen da, honako atal hauek jorratuta: erlijioa eta emigrazioaren arteko loturak, immigranteen komunitateen instituzionalizazioa, diaspora komunitateen kultura eta nortasunaren eraketa eta immigranteei buruzko irudien elaborazioa zinearen eta telebistaren bitartez.
Amale Artetxe katedra
2019an jarri zen abian Amale Artetxe katedra, humanitateen arloan, jarduera akademiko eta ikerketa jardueren bidez euskal ikasketak sustatzeko. Amale Artetxek Argentinako euskal diasporan eginiko ekarpenari lotuta, euskal kultura humanitateen eremuan eta berdintasunaren ardatzari erreparatuz dira aztergai katedra honetan. Urtero doktorego ikasgai bat eta hainbat hitzaldi ireki eskaintzen ditu irakasle gonbidatuak.