Cratère Surfaces: Focus Pays Basque

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 02
    Uzt 2026
    04
    Uzt 2026
    Alès

Frantziako Cratère Surfaces jaialdiak 27. edizioa ospatuko du uztailaren 2tik 4ra eta, aurten, Euskal Herria izango da jaialdiko herrialde gonbidatua. Hori dela eta, euskal arte eszenikoetako zazpi konpainia ariko dira programazioan, eta jaialdi beraren baitako Outdoor Lab formakuntza- eta nazioartekotze-programan izango dira beste lau.

Euskal Herria herrialde gonbidatu izaki, Rouge Elea, Bilaka, Harrobi Dantza Bertikala, Deabru Beltzak, Osa+Mujika, Led Silhouette eta Markeliñe konpainiek osatuko dute euskal leihoa. Horrez gain, Outdoor Lab programak Piszifaktoria, DAB, Komerobi Produkzioak eta Dance&Music Creation konpainien performanceak ere bilduko ditu.

Euskal leihoa osatze aldera, Etxepare Euskal Institutuak deialdia ireki zuen 2025eko urritik azarora, kale-arteetako konpainiek beren proposamen artistikoak bidal zitzaten. Hala, arte eszenikoen sektoreko euskal profesionalen ikuskizunak programatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Artekalek hainbat jarduera profesional antolatu dituzte bertan. Euskal leihoaren aurkezpen ofiziala uztailaren 4an izango da, eta aurkezpenaz gain koktela ere aurreikusi dute antolatzaileek.  

Ekimen hau Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au basque egitasmoaren baitan kokatzen da. Frankofoniaren eremuan euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen programa estrategiko horren bidez, Institutuak euskal sortzaileen nazioarteko mugikortasuna, lankidetza artistikoak eta kultura-trukeak bultzatzen ditu.

Rouge Elea

Kale arteetako konpainia honek koreografia, musika esperimentala eta zirkoa uztartzen ditu bere ikuskizunetan. Cratère Surfaces jaialdian ‘Lurruna’ aurkeztuko du. Grabitatearen inguruko hausnarketa poetikoa da Lurruna. Gorputzak, objektuak, oreka, desoreka eta fisikaren legeak hartzen ditu abiapuntu, eta joko bisual indartsuak eraikitzen. Pertzepzioaren alterazio batek, moteltze batek, grabitate aldaketa batek, eta birbobinatze efektuek erakusten dute pertsonaien barne egoera. Errealitateen arteko loturetan mugak lausotu egiten dira, posible denaren profilak birdefinituz. 

  • Uztailak 2 – 19:30
  • Uztailak 3 – 19:30
  • Abiapuntua: Rue de La Meunière 2

Bilaka

Bilaka euskal dantza tradizionalaren erroetatik abiatuta gaur egungo hizkuntza koreografikoa garatzen duen konpainia da. Cratère Surfaces jaialdian ´Dirau´ aurkeztuko du. Euskal musikaren erritmoek eta pultsazioek gidatzen dute pieza, gorputzaren mugak eta askatasuna etengabe proban jarriz. Tradizioa ez du ondare geldi gisa ulertzen, mugimenduan dagoen indar gisa baizik; horrela, ´Dirau´ etengabe eraldatzen den identitate bizi baten adierazpen koreografikoa bihurtzen da.

  • Uztailak 3 – 21:00
  • Uztailak 4 – 18:00
  • Tokia: Théâtre de Verdure

Harrobi Dantza Bertikala

Dantza bertikala eta garaikidea uztartzen dituen konpainia da honakoa, hiri-espazioa bere sorkuntzen osagai nagusi bihurtzen duena. Cratère Surfaces jaialdian Geure(R)a aurkeztuko du. Lanak komunitatea eraikitzen duten loturak eta espazio partekatuaren esanahia aztertzen ditu, fatxada bertikalak mugimendurako euskarri bihurtuz. Grabitatearen aurka dantzatzen duten gorputzek elkarrekiko konfiantza, oreka eta elkarlanaren indarra erakusten dituzte, espazio publikoari irakurketa poetiko eta garaikidea eskainiz.

  • Uztailak 3 – 22:00
  • Uztailak 4 – 22:00
  • Tokia: Rue du Commandant Audibert

Deabru Beltzak

Deabru Beltzak 1996an sortutako kale-antzerki konpainia da. Harrezkero, hamar ikuskizun sortu ditu, 3.000 emanaldi baino gehiago eskaini, eta mundu osoko 35 antzerki-konpainiarekin baino gehiagorekin aritu da elkarlanean. Cratère Surfaces jaialdian Su Talka aurkeztuko du. Talka, marruskadura eta perkusioa dira ikuskizunaren abiapuntua: danborren talkatik sortutako txinpartak energia bihurtzen dira, sua eta erritmoa bat eginez. Koloreen, argiaren, usainen eta soinuaren bidez eraikitako kale-esperientzia murgiltzailea da, non piroteknia eta koreografia zehaztasun handiz uztartzen diren ikuslea ikuskizunaren erdian kokatzeko.

  • Uztailak 3 – 22:00
  • Abiapuntua: Place Henri Barbusse

Osa+Mujika

Osa+Mujika dantza garaikideko konpainia da, mugimenduaren bidez gaur egungo gizartearen kezkak eta kontraesanak taularatzen dituena. Bere sorkuntzek hizkuntza fisiko indartsua, umorea eta irudi eszeniko zainduak uztartzen dituzte. Cratère Surfaces jaialdian Tupper aurkeztuko du. Eguneroko objektu xume bat abiapuntu hartuta, lanak kontsumoaren, gehiegikeriaren eta pilaketaren inguruko iruditeria eraikitzen du. Gorputzaren eta objektuen arteko harremanak etengabe eraldatuz, mugimenduak eta koreografiak eguneroko bizitzaren inertziak zalantzan jartzen dituzte, ironiaz eta energiaz beteriko ikuskizun batean.

  • Uztailak 2 – 19:30 eta 22:30
    • Tokia: Place de l´Hôtel de Ville
  • Uztailak 3 – 19:30 eta 21:30
    • Tokia: Place des Martyrs de la Résistance

Led Silhouette

Cratère Surfaces jaialdian ‘Los Perros’ aurkeztuko du Led Silhouette konpainiak, Marcos Morauren ideia eta zuzendaritza artistikoarekin sortutako lana. Gaur egungo gizartearen ziurgabetasunaren eta deshumanizazioaren aurrean, erresistentziarako bidea proposatzen du piezak. Elkar aurkitzen duten, erori eta altxatzen diren, dantzaren bidez maitasuna, eskuzabaltasuna eta konpromisoa aldarrikatzen dituzten bi gorputzen kontakizuna da. Errepikapenaren eta katarsiaren indarraz baliatuta, ‘Los Perros’-ek mugimendua bihurtzen du belaunaldi oso baten zaurgarritasuna, amorrua eta bizitzeko gogoa adierazteko tresna.

  • Uztailak 2 – 22:30
  • Uztailak 3 – 23:00
  • Tokia: Cour Fort Vauban

Markeliñe

Cratère Surfaces jaialdian Andante aurkeztuko du Markeliñek. Itsasoak lehorrera ekarritako zapata anonimo batzuk dira ikuskizunaren abiapuntua. Norenak dira? Zer istorio gordetzen dute? Antzerki bisuala, maskarak eta zuzeneko musika uztartuz, gerrak, erbesteak eta migrazioak markatutako bizitzen arrastoak ekartzen ditu oholtzara, hitzik gabeko kontakizun hunkigarri batean. Lau hamarkadatik gorako ibilbidea duen kale-antzerki konpainiak berezko duen poesia bisualarekin eta irudi indartsuekin eraikitzen du memoria eta enpatiarako gonbita.

  • Uztailak 2 – 20:30
    • Abiapuntua: Parc du Bosquet
  • Uztailak 3 – 20:00
    • Abiapuntua: Place Henri Barbusse

Outdoor Lab

Cratère Surfaces jaialdiaren baitan antolatzen den Outdoor Lab Experience formakuntza- eta nazioartekotze-programan Piszifaktoria, DAB, Komerobi Produkzioak eta Dance&Music Creation euskal konpainiek hartuko dute parte. Nazioarteko ibilbidean hastapenetan dauden kale-arteetako sortzaileei zuzendutako egitasmo horretarako deialdi ireki bidez aukeratu dituzte lau konpainiak, eta hautaketa nazioarteko hainbat jaialditako programatzaileek egin dute. Uztailaren 1etik 4ra bitartean, prestakuntza-saioetan, topaketa profesionaletan eta jaialdiko programazioaren behaketan parte hartzeaz gain, beren lanen aurkezpen laburrak —pitch edo performance eratakoak— eskainiko dituzte nazioarteko programatzaile eta sektoreko profesionalen aurrean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>